“Bermeo ezagutuz” irteera…

Joan den urriaren 30ean, “Gure txoko kuttuna” hurbilagotik ezagutzeko, herrira jaitsi ginen. Amaia Rementeriak, turismo bulegoko arduradunak, azalpen aberasgarriak eman zizkigun eta makinatxo bat istorio kontatu ere!

Eskerrik asko, Amaia, Bermeoko toki ikusgarrienak erakustearren!

 

 

 

IZAN ZIRELAKO GARA; GARELAKO IZANGO DIRA. BAKEAREN IKUR, GERNIKA 19.06.20

DSC_1326

Euriak txangoa zapuztuko ote zigun apur bat kezkatuta iratzarri ginen, baina hala izan ez zedin borondate osoaz. Ordea, aurreikuspen guztien kontra, eguraldiak aterri eutsi zuen, eta giro ezin hobea izan genuen hasieratik  amaitu arte.

Denetarik izan genuen ondo pasatzeko: Historia, kultura, Natura, jolasa, janaria (hamaiketako, bazkari, askari…eta ia-ia afari ere!)… Eta eguna ziztu bizian igaro zen, ia konturatu ere egin gabe. Autobusean sartu ginenean etxera itzultzeko, norbaitek esan izan balu berriro den-dena errepikatuko ote genuen… denok geunden prest hasierara itzultzeko. Baina…

Hurrengoan izan beharko da!

LANDA ETA BASO 19.06.19

DSC_1280

Gure TXANELAko azken unitate didaktikoan Naturaren ezagupenean sakontzen jardun dugu, eta, bidenabar, hurbiletik behatzeko irtenaldia prestatzen. Landabasora osteratxoa egin genuen, iaz bezala, baina bide berrietatik. Une batzuetan oihanean genbiltzala ematen zuen!

Zoragarria izan zen esperientzia: eguraldia, bidelagunak, ikusi -eta ukitu ere!- egin genituen etxabereak, landan egin genuen atsedenaldia…

Ikasturtea bukatu da (ze azkar joan den!), baina oraindik azken egunotan elkarrekin bizi izan ditugunen kontaketan hau lehena baino ez da izan.

 

 

 

 

BERMEOREN HISTORIA EZAGUTZEN 18.12.11

Martitzenean, herrian zehar ibili ginen, berton dauzkagun zenbait gune historiko ezagutzen eta aztertzen: nondik nora zihoan hiribildua babesten zuen harresia, non zeuden bere zazpi ateak, zeintzuk ziren  horiek…

Zazpi ateetako bakarrak dirau zutik, badakizuenez, San Juan portala, alegia. San Juanen Hiru urratsen kondaira entzun genuen, eta lehen oinatza ikusi ere bertan!

Bermeoko etxerik zaharrena (antzinakoena, izan ere polito berriztuta baitago), Bizkaiko iturririk antzinakoena, portuan, Ertzilla dorrea, Tala… Hainbat toki esanguratsu bisitatu genituen. Interesgarria izan zen, baita ere, bale harrapatzaileen historia, kordelerena, fogonerena…

Guk San Juanek baino pauso gehiago eman genituen, hori bai, eta gustura eman ere!

LURRASKA 18.12.04/05

Nork esango zukeen halako eguraldi zoragarria izan beharko genuenik abenduan!

Martitzenean, emozioa gainezka bildu ginen denok Bermeon, etxetik kanpora egun oso bat (gau eta guzti!!!) pasatzeko.  Abenturaren aurrean irrikitan geunden. Bada, soberan asetu dira gure espektatibak. Baserriko bizitzara egin dugun hurbilpena hunkigarria izan da. Topera gozatu dugu: animaliak zaintzen, ogia egiten… jolasten ere bai!

Afaldu ostean, disko festa izan genuen. Gero, leher-leher eginda, ohera. Gozatsua izan zen lehen aldiz elkarrekin lo egitea.

A ze esperientzia zoragarria!

This slideshow requires JavaScript.